2020(e)ko ekainaren 22(a), astelehena

Guk guztiok, eta gutako bakoitzak ditugu bi mundu esploratzeko, BARRUKO MUNDUA eta KANPOKO MUNDUA
Barruko munduan pentsamenduak, pertzepzioak, sentimendu eta emozioak, instinto naturalak, gorputz fisiko bat izatearen sentsazioa, intuizioa etabar luzea ditugu miatzeko. Kanpoko munduan, gainontzeko guztia; lagunak, familia, lana, eskola, etxea.... Biak dira majikoak, ikaragarri handiak eta suspergarriak: Gaur egun, esan genezake kanpoko mundua txikitu egin zaigula garraio azkarrei eta teknologia berriei esker, eta hobeto ezagutzen dugula dirudi. Barruko munduak berriz, mugagabea izaten jarraitzen du, misteriotsua eta etengabe ustekabeko sorpresak ematen dizkigun mundua da, askotan ezezaguna. 

Ekialdeko kulturetan, adibidez Indian, Japonen edo Tibeten, barruko mundua ezagutzeari ematen diote lehentasuna. Umeen hezkuntzan txertatua datorren zerbait da gainera; eskoletan meditazioa edo “mindfulness” izeneko jarduerak (arreta lantzekoak) lehenengo urteetatik praktikatzen dituzte, baita autodisziplina eta autokontrola garatzeko teknika ezberdinak ikasi ere. Mendebaldeko kulturetan berriz, gure kultura barne, kanpoko munduari garrantzi gehiago ematen zaio eta hori eskolako jardueretan isladatzen da, gai nagusienak matematika, geografia edo ingurunea eta horrelakoak ditugularik. 


Hezkuntza sistema ideal batek bi munduak landu behar ditu, biak baitira inportanteak. Eta batez ere, bien arteko oreka garrantzitsua dela ulertu behar du, etengabe elkar eraginean dauden bi munduak baitira. Hau da, kanpoko munduko faktoreak ondo ez badaude gure barruko munduan desoreka sortuko dute lehenago edo beranduago. Eta alderantziz, pertsona bat barrutik ondo ez dagoenean kanpoko giroa kutsatzeko tendentzia izan ohi du sarri. Beraz, biak dira garrantzitsuak eta batez ere, bien arteko oreka eta elkarreragina hartu behar dira kontuan. Eta horrek ematen dio izenburua gure proiektu honi: BI MUNDU.